KAPITALISMO HETEROPATRIARKALARI PLANTO!

BIZITZAK ERDIGUNERA

2019ko Martxoaren 8an emakumeok, transok eta bollerok lan guztiak utziko ditugu eta kaleak hartuko ditugu berriro ere. Orain arte egindako prozesuari dagokionez, herri, eskualde eta maila nazionalean antolatzen hasi gara asanblada ireki zein batzordeetan. Aurten, gure aldarrikapenak zehaztu nahi genituen eta oinarri politiko amankomun batzuk ipini. Horretarako kolektibo ezberdinekin elkartu gara eta dossier bat idatzi dugu. Bertan, eremu ezberdinetan antolatuta dauden emakumeen aldarrikapenak bildu ditugu, 25 puntu baino gehiago bildu ditugularik. Greban, jendarte osoa eta instituzioak interpelatuko ditugu horiekin. Hurrengo lerroetan grebaren nondik norakoak azalduko ditugu:

  • ZER DA GREBA FEMINISTA?

Greba feminista bizitzako esparru guztietan kokatzen da, soldatapeko zein doako lanetan, sexualitatean, kontsumo ereduan, familia eraikitzeko moduan, jakintzak ekoizteko eran, arrazakeriaren aurrean, edertasun ereduan eta zapalkuntza guztien aurrean. Greba feministarekin, hetero-patriarkatu-kapitalistari PLANTO egingo diogu!

Martxoaren 8an patriarkatuak alboratzen gaituenok erdigunea hartuko dugu, transon, bolleron eta emakumeon bizitzak erdigunean jarri nahi ditugulako. Horregatik, bost ardatzetan antolatu dugu greba: pentsionista, ikasle, zaintza, enplegu eta kontsumo greba feminista izango da.

Sistemarekiko haustura hori irudikatzeko, gaurkoan TALKAN elkartu gara, mundu berriak eraiki eta kapitalismoari arrakalak sortu ahal zaizkiola erakusten duelako. Bide batez, espazio autogestionatuekiko babesa adierazi eta hauen desalojoen aurkako posizioa berresten dugu gaur.

ZER ESKATZEN DUGU?

Bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa eskatzen dugu. Horretarako, zaintzaren berrantolaketa soziala aldarrikatzen dugu, politika publikoen zeharkako ardatza izan dadila, pertsonen zaintza ez dadila zapaldutakoon eskubideen bizkar geratu. Finean, paktu sozial berri bat eskatzen dugu. Bide horretan, parekidetasuna bermatzeko politikak eta berdintasun formalaren garapena ezinbestean lotu behar ditugu sakoneko eraldaketa prozesu batekin.

Aurten, zaintzaren gatazkari zentralidadea eman nahi diogu. Horregatik, etxeko eta zaintza lanean, soldatapean zein modu doakoan, dauden emakumeekin* aliantzak estutzera, lan hauek azaleratzeko moduak bilatzera, etxeko langileen esplotazioarekin aberasten diren enpresa banpiroak seinalatzera edota administrazioaren arduragabekeria salatzera deitzen ditugu grebaren antolakuntzan parte hartuko duten kideei.

Bestetik, m8ko egunean bertan, gizonei zaintza lanen ardura guztia modu autonomoan hartu eta antolatzea eskatzen diegu: lantoki zein herrietan zaintza gune komunitarioak antolatuz, norberaren eginkizunetarako eguna hartuz eta inguruan (familia, bizilagun, lagunarte… inguruan) dituzten zaintza lanak bere eginez.

  1. ZEIN DA GREBAREN SUBJEKTUA? Nortzuk egingo dugu greba?

Emakumeak, bollerak eta transak, hots, heteropatriarkatuak zapaltzen dituen subjektuak gara. Greba feministaren subjektu guztiak ez gara emakume bezala izendatzen. Are gehiago, iruditzen zaigu emakume eta gizon kategoria patriarkalekin amaitu beharra dagoela. Baina, gaur egun, kategoria hori baliagarria zaigu zapalkuntza izendatzeko. Beraz, emakume* hitza erabiltzen dugunean, heteropatriarkatuak zapaldutako subjektuez ari gara.

GREBA EUSKAL HERRIKO MUGIMENDU FEMINISTAK DEITZEN DU. Egun honetan, beraz, Mugimendu Feministak hiri eta herrietan deitutako mobilizazioetan parte hartzea bultzatzea eskatzen dugu eta ez beste eragile batzuk deitu dezaketen ekimenetan. Modu berean, greba feminista dinamikaren irudi eta aldarrikapenak erabiltzera deitzen dugu, sindikatu, alderdi edo beste edozein erakunderen sigla eta koloreen protagonismoa ekidinez.

Gauzak horrela, ez dugu Mugimendu Feministaren borroka inor xurgatzerik onartuko, ezta honen erabilpen partidista edo korporatibista interesaturik ere.

  1. NOLA EGINGO DUGU GREBA?

Iaz bezala, greba egiteko eta grebaren parte izateko hainbat modu egongo dira emakumeontzat*:

1) Lantoki eta ikasgeletan greba egitea.

2) Herri eta hirietako mobilizazioetara joatea.

3) Zaintzeari uztea eta, hori irudikatzeko, amantala balkoian eskegitzea.

4) Gure eskualde edo arloan greba antolatzea eta zabaltzea.

5) Besoko morea eta txapa ipintzea, grebarekin bat egiten dugula adierazteko.

Baina ezin ahaztu kontsumo greba izango dela ere! Martxoak 8an EZ kontsumitzera deitzen dugu. Badakigu kontsumoa oso zabala dela, eta komertzio bateko salerosketa gainditzen duela (argia, mugikorra…). Baina martxoaren 8an eguneroko normaltasunarekin apurtu nahi dugu, hiriak, herriak eta auzoak geldiaraziz. Beraz, dena itxita egotea da helburua.

Horretaz gain, kontsumo ereduaren inguruko hausnarketa eta praktika arduratsua izatera deitzen dugu jendartea: lan baldintzak, beste herri batzuen esplotazioa, enplegu feminizatu prekarioak, baliabide naturalen xahutze basatia… Kontsumitzerakoan hartzen ditugun erabakiak ekoizpen eredu batzuk bultzatzen dute: langile eta planetaren esplotarioaren ikur diren korporazio handiei!

  1. ZERI EGINGO DIOGU PLANTO?

Egungo zapalkuntza sistema basatia ezin dugu termino bakar batekin definitu. Elkar elikatzen eta osatzen duten hainbat egitura ditu.

KAPITALISMOARI PLANTO!

Kapitalaren interesak erdigunean jartzen duelako, eta ez bizitza, eta ez pertsonen beharrak. Langileon miseria eragiten duelako. Eta lan antolaketaren oinarrian emakumeok musutruk egiten dugun etxeko eta zaintza lana kokatzen duelako, gure lanaldiak amaigabeak bihurtuz!

Gainera, kapitalismoak feminismoaren indar eraldatzailea mehatxu bezala ikusi du eta, gure borroka kontsumorako produktu bihurtu eta eduki politikoz husten saiatzen ari da orain. Aurrean izango gaitu!

PATRIARKATUARI PLANTO!

Botere sistema bat da, “gizon” bezala eraikiak izan direnen gobernua. “Emakume” bezala eraikiak garenon dominazioa dakar, eremuz eremu: enplegu prekarioak, lan doakoa, indarkeria matxista eta feminizidioa, injustizia patriarkala, gure gorputzen kontrola, publizitate sexista, emakumeon* inbisibilizazioa zientzian… Aski da, honaino heldu gara!!!

HETEROARAUARI PLANTO!

Erregimen oso bat da. Heterosexualitatea ez da, soilik, desira edo orientazio kontu bat, sistemak behar-beharrezkoa duen egitura bat baizik. Arauaren bazterrean kokatzen garenok LGTBIQ+ fobiaren bitartez zigortzen gaituzte, eta, emakumeoi*, bizitza eredu bakarra markatzen digu: feminitatearen eredua jarraitzea, heterosexualitatea, gizonen desirak asebetetzea, amatasun normatiboa, familia nuklearraren eta etxearen zaintza … Guk heteroaraurik gabeko bizi eredu anitzak aldarrikatzen ditugu!

KOLONIALISMOARI PLANTO!

Mundu kolonial batean bizi gara, desoreka baitago pertsonen eta lurraldeen arteko harremanen artean. Herrien asimilazio historikoaren bitartez, pribilegio sistema bat ezarri da, bazterketak eraginez hainbat mailatan: arraza, kultura, kosmobisioa, ezagutzak, sinesmen erlijiosoak, bizitza ereduak, hizkuntzak …

Kapitalismoak arrazializatutako gorputzoi deshumanizatu egiten gaitu eta eskubideez desjabetu. Mundu mailan faxismoaren gorakada bizi dugun honetan, arrazismoa, islamofobia eta Europako migrazio politika hiltzaileen aurrean, inoiz baino gehiago, gure feminismo antiarrazistaz astinduko dugu kalea!

KAPAZITISMOARI PLANTO!

Kapazitismoa honexetan datza: aniztasun funtzionala duten pertsonak alboratzean eta ez-gaitu bezala eraikitzean. Ekoizpen sistemara egokitzen diren gorputz ahaldun eta ez ahaldunak ezartzen dira, eta azken hauek inklusiboak ez diren bizi ereduetara egokitu behar gara…

Beraz, dei egin nahi diegu Euskal Herri osoko emakume, trans eta bollerei antolatzera, kaleak aldarriz betetzera, bihurriak izatera eta Martxoaren 8an planto egin eta kaleak,  plazak zein gauak hartzera.

Azkenik aipatzea Euskal Herriko Mugimendu Feministak bat egiten duela gaur Gasteizen arratsaldeko 19:00etan Andra Mari Zuriaren enparantzan burutuko den elkarretaratzearekin. Izan ere, gure lagunak bere arrazaren ondorioz autobusean pairatutako umiliazioa ezin da erantzunik gabe gelditu. Ez hori, ezta beste edozein ere! Pertsona arrazializatu eta migratu guztien alde aterako gara kalera. Etengabe zapaltzen gaituen sistema kolonialari aurre egiteko aterako gara!

GORA BORROKA FEMINISTA!

EMAKUMEOK* GREBARA!

EUSKAL HERRIKO MUGIMENDU FEMINISTA

Gasteizen, 2019ko Urtarrilean.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s