Hurrengo martxoaren 8an, Euskal Herriko eta munduko emakume, trans eta bollerek berriro egingo dugu planto. Bost ardatzetan oinarritutako greba feminista egingo dugu; zaintza greba, enplegu greba, pentsionisten greba, ikasleen greba eta kontsumo greba.

Emakume* guztion greba da hau eta horregatik feminista guztiei dei egiten diegu Euskal Herriko herri, auzo eta eskualdeetako asanblada eta ekintzetan parte hartzera. Gainera, emakume, trans eta bollera guztiei dei egiten diegu datorren martxoaren 8an mobilizazioetan parte hartzera. Kaleak berriro ere era masibo, alai eta aldarrikatzailean hartuko ditugu. Zutik dagoen Euskal Herriko emakumeak* ikusiko ditugu beste eredu politiko, ekonomiko eta sozial baten alde oihu eginez.

Martxoaren 8ko deialdi nagusiak eguerdiko 12.00etan eta arratsaldeko 19.00etan izango dira. Jarraian hiriburuetako deialdiak esango ditugu, baina herri eta eskualdeetan hamaika ekintza eta mobilizazio izango dira:

  • Donostian, goizeko 12.00etan Boulevardean eta arratsaldeko 19.00etan Antiguoko tuneletik manifestazioa.
  • Iruñean, 12.00etan Gaztelu plazan eta 19.00etan Golem zinemetatik manifestazioa.
  • Gasteizen, 12.00etan Plaza Berrian eta 19.00etan Iparralde Zentro Zibikotik manifestazioa.
  • Baionan, 12.00etan merkatu plazan eta 19.00etan Errepublika plazatik manifestazioa.
  • Bilbon, goizeko 12.30etan Jesusen Bihotzean eta 19.00etan Jesusen Bihotzetik ere manifestazioa.

Greba feminista honetan, emakume* anitzok lurzoru komun batean sustraituriko borroka artikulatu dugu. Oinarri ideologiko eta helburu politiko konpartitu batzuk dituen lurzorua: feminismo antikapitalista-antikolonialista eta heteroarauaren kontrakoa. Grebaren eraikuntzarako 50 herri baino gehiagotan asanbladak antolatu dira eta errealitate lokalei egokien erantzuten dion markoa sortzeko deszentralizazioa lehenetsi da. Zentzu honetan, grebaren antolakuntzak eta sorturiko sareak martxoaren 9tik aurrera ehuntzen jarraitu nahi dugun eraldaketarako oinarria jarri dute.

Eraikuntza prozesu honetan oso garrantzitsuak izan dira emakume* anitzekin sorturiko aliantza estrategikoak: pentsionistak, etxeko langileak, emakume* baserritarrak, emakume* migranteak, kolektibo antiarrazistak, errefuxiatuen aldeko herrien besarkada mugimendua, ikasle eta gazte kolektiboak, aniztasun funtzionala duten emakumeen* kolektiboak, emakume* preso politikoak, eta nola ez euskal gehiengo sindikalaren ezinbesteko kolaborazioa. Denak izan gara beharrezko greba feministak aurrera egin dezan.

Aurreko martxoaren 8an historia egin genuen, hala ere, indarra daukagun arren, oraindik erailtzen gaituzte, esplotatu eta kriminalizatu. Horregatik instituzio publikoen benetako inplikazioa eskatzen dugu. Politika feminista ausartak nahi ditugu, aurrekontu publiko nahiko eta errealekin.

Guztia aldatzera etorri gara, eta eraldaketa hau definitzen hasteko 28 aldarrikapen konkretu xedatu ditugu. Jarraian horietako batzuk:

BIZITZAK ERDIGUNEAN!

Bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa eskatzen dugu, gure jendartean, bizitza batzuk beste batzuk baino balio handiagoa daukatelako.

Austeritateak zaintzen krisia sakondu duen garaiotan, zaintzaren berrantolaketa soziala aldarrikatzen dugu, politika publikoen zeharkako ardatza izan dadila, pertsonen zaintza ez dadila zapaldutakoon eskubideen bizkar geratu. Emakumeok* planto egiten badugu, dena gelditzen da.

Paktu sozial berri bat eskatzen dugu, herritartasun eredu inklusibo bati ateak irekiko dizkion ituna. Eta, aldi berean ari gara borrokatzen lanaren esplotazioa, kapazitismoa, arrazakeria eta sexu-generoaren arteko bereizkeria gainditzeko agenda garatzeko. Gure lurraldeetan eta gorputzetan burujabe izateko. Lana eta aberastasuna modu justuan birbanatzeko. Bazterreko subjektuok, gure aurkako biolentziarik gabe, aske izan ahal izateko.

BIZITZA PREKARIORIK EZ!

  • Enplegu duina emakumeontzat*! Prekarietateari ez! Inposatutako jardunaldi partzialik ez, soldata arrakalarekin bukatzeko neurri eraginkorrak, behin-behinekotasunarekin bukatzea, pribatizaziorik ez eta azpikontraten errebertsioa!
  • Etxeko enplegua balioa, aberastasuna eta ongizate soziala sortzen duen jarduera ekonomiko gisa aitortzea.
  • Barne etxeko langilearen figura desagertzea. Lan baldintza onartezinak eta salbuespenezkoak direlako.
  • Pentsio duinak emakumeontzat*. Gutxienez 1080€ko pentsioa.
  • Zaintzarako eta menpekotasunari arreta emateko berezko sistema publikoa: zerbitzu sozial, publiko, doako eta unibertsalak.
  • Emakume* baserritarren estatutua garatu, baliabidez hornitu eta betearazi.

INDARKERIA MATXISTARIK ETA HETEROARAURIK GABEKO BIZITZA ANITZAK!

  • Injustizia patriarkalari ez! Emakumeak* berbiktimizatzen dituen prozedura judizialekin amaitu.
  • Genero indarkeriaren legea zabaldu, bikote harremanaz gaindi gertatzen diren indarkeria matxista eta LGTBIQ+ fobiaren askotariko adierazpenak barnean hartzeko.
  • Indarkeria matxista egoerei aurre egiteko baliabide publiko integral eta eraginkorrak bermatu.
  • Prebentziorako eta emakumeon* ahalduntzerako baliabideak eskaini.
  • Aniztasun funtzionala dugun emakumeon* errealitate espezifikoa bistaratu eta horri erantzuteko baliabideak eman.
  • Familia nuklearrean oinarritzen ez diren antolaketak aintzat hartzea zerga sistema, pentsioak edota ordaindutako baimenak ezartzean.
  • Trans despatologizazioa.

ARRAZAKERIARIK ETA GERRARIK GABEKO BIZITZAK! KOLONIALISMOAREN AURREAN GURE GORPUTZA, LURRALDEA ETA LURRA DEFENDA DITZAGUN!

  • Atzerritartasun legea atzera bota.
  • Arrazakeriaren ondorioei aurre egiteko politikak garatu: horretarako, erroldatzea erraztu, osasun eta hezkuntza sistemarako sarbidea bultzatu, etxebizitza eskubidea eta prestazio sozialak bermatu, enplegu eta formazioan lagundu, ikasketa tituluak parekatu…
  • Europar Batasuneko migrazio politika genozidei ez. Mugak ireki eta CIE guztiak itxi.
  • Merkataritza askeko nazioarteko itunik ez!
  • Euskal Herrian, askotariko gatazkak zeharkatzen gaituzte, tartean “euskal gatazka” delakoak. Hori konpontzeko bidean, presoak Euskal Herrira ekartzea eskatzen dugu, baita emakume* presoek bizi duten isolamendu hirukoitzarekin amaitzea ere.
  • Lurra suntsitzen duten proiektu txikitzailerik ez! Erraustegia, fracking edota AHT bezalako proiektuak gelditu!
  • Askotariko kolonizazio kultural prozesuen aurrean, Euskara erdigunera. Euskararen ofizialtasuna eta normalizazioa bilatzen duten politikak bultzatu.

Bukatzeko gogoratu nahi dugu greba feministaren inguruko informazio osagarri guztia, dossierra, egitarauak, sindikatuen eta alderdi politikoen parte hartzeko irizpideak, e.a hurrengo blogean daudela eskuragai: https://grebafeminista.wordpress.com/

Euskal Herriko kaleetan elkartuko gara!

GORA BORROKA FEMINISTA!

 

Bilbon, otsailaren 26an

EUSKAL HERRIKO MUGIMENDU FEMINISTA

IMG_ksan4v

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s