2019ko GREBA FEMINISTAREN BALORAZIOA

Martxoaren 11n, Donostiako Emakumeen Etxean

Iragan den martxoaren 8an, trans, bollera eta emakumeok lan guztiak egiteari utzi genion eta Euskal Herriko kaleak gogor astindu genituen, gure herriak aldarrikapen, ekintza eta elkartasun feministaz betez. Grebak jarraipen masiboa izan du, zenbaezina da herriak kalea hartzean duen indarra, horregatik ez dago zifrarik martxoaren 8an gertatutakoa jasoko duenik. Aurten, arrakasta kuantitatiboaz gain, jauzi kualitatiboa eman dugu gure aldarrikapenak eta oinarri politiko feminista, antikapitalista eta antiarrazistak sendotu ditugulako.

Zorionak modu batean edo bestean hori posible egin dugun guztioi. Gainera, M8ko greba feminista nazioartekoa izan da, 140tik gora batu baikara borroka egun honetara. Heteropatriarkatu kapitalista sistema globala da eta herrien burujabetza ezinbestekoa den bezala, behar-beharrezkoak ditugu elkartasun nahiz aliantza internazionalistak.

Aurten, grebaren antolaketa deszentralizatua lehenetsi dugu. Jendarte feminista bat auzo, herri eta talde bakoitzak bere errealitate zehatzak eraldatzean eraikiko dugulako. Baina, Euskal Herri mailan koordinatu gara, argi baitaukagu indarrak batzea eta aliatzea dela gure bidea, eta herri gisa eraiki nahi ditugula alternatibak. Horrela, eraldaketarako eragile nahiz subjektu anitzak batu gara: talde feministak, etxeko langileen elkarteak, sindikatuak, emakume* migranteen taldeak, baserritarrak, ikasle eta gazte taldeak… Elkarrekin ahaldundu eta politizatu gara, eta hori da gure garaipen nagusia.

Zapalkuntza guztiekin amaitzeko, gure iraultza heteropatriarkatu kapitalista eta kolonialistak sortzen dituen bazterretatik eraikitzen da. Horrela, gaueko hamabietan hasita, 5 ardatzetan egituratutako grebari ekin genion . Egunean zehar hamaika ekintza burutu genituen: gauak eta kaleak gureak direla aldarrikatzeko, enpresa handien aurkako piketeak, etxeko langileen lan eskubideak aldarrikatzeko eraikin publikoen okupazioa, politika migratzaileen aurka, (in)justizia patriarkala salatzeko, faxismoaren aurkako ekintzak, eliza seinalatzeko etab.

Azken astean harriduraz jaso ditugu emakumeon* bizi eta lan baldintza prekarioen arduradun zuzenak diren Nafar Gobernu eta Eusko Jaurlaritzaren, Iberdrola bezalako enpresa handien edota patronalen adierazpenak grebara batuz. Hauei guztiei ez diegu keinu sinboliko gehiagorik egitea onartzen, gure aldarrikapenak arduraz entzun eta horiek gauzatzeko konpromisoak har ditzatela nahi dugu. Ekintza, politika eta aldaketa feminista errealak nahi ditugu, eta ez dugu onartuko kapitalaren edota gizon batzuen interesek jarri dezaketen inongo toperik.

Urrats handia eman dugu baina urrun gaude gure helburuetatik. Urrun gaude emakumeok* dohainik egiten ditugun lanak sozializatzetik. Beraz, grebak azaleratzen dituen gatazketan sakontzen jarraituko dugu. Zaintza sistema publiko eta doakoa nahi dugu, baita emakumeon enplegu prekarioarekin amaitzea ere. Hala ere, gaur egungo Euskal Herriko erakunde nagusietan aurrera eramaten diren politikek merkatuaren etekinen menean jarraitzen dute eta emakume* langileon esplotazioa indartzen dute. Egun, Euskal Herrian dugun familia eredua logika patriarkaletan eraikitzen da, zaintza lanak feminizatuz eta pribatizatuz, eta bereziki emakume arrazializatu nahiz migranteon esplotazioan oinarrituz. M8 honetan, oraindik ere, emakume* langile askok ezin izan genuen gure greba eskubidea gauzatu, egoera zaurgarrienetan egoteagatik. Jakina denez, indarkeria patriarkala gogorki pairatzen jarraitzen dugu, sexu erasoetan, eraso lesbofoboetan, bazterkeria kapazitistan, erailketa patriarkaletan, jazarpen transfoboetan, edertasun hegemonikoan eta sistemak behin eta berriz menpeko lekuan kokatzen gaituen bakoitzean.

Horregatik, bizitzak erdigunean jarriko dituen paktu sozial berri bat eskatu dugu ozen. Gure lurraldeetan eta gorputzetan burujabe izateko. Lana eta aberastasuna modu justuan birbanatzeko. Bazterreko subjektuok, gure aurkako biolentziarik gabe, aske izan ahal izateko. Euskal Herriko Mugimendu Feminista konfrontaziorako eta sistemari sakoneko alternatiba bat eraikitzeko indarra da: ultraeskuina eta arrazismoaren gorakadaren aurrean, kapitalismo autoritarioaren berrarmatzearen aurrean, bizi baldintzen sakoneko prekarizazioaren aurrean, planetaren kolapso ekologikoaren aurrean, feminizidioen aurrean… tinko gaude, eta ez gaituzue geldituko!!!

Lanaren kontzeptu klasikoa eraldatzeko asmoz, bizitzako eremu guztietan kokatu dugu greba, bost ardatz bereiziz:

PENTSIONISTAK:

Merkatuaren logikari jarraituz, enpleguan aktiboki ez dabilena gastu gisa hartzen da, eta, pentsionisten kasuak erakusten digun moduan, pentsio-sistema pribatu eta prekarioa zabaldu nahi digute. Erretiro pentsio baxuenak ditugunak emakumeak* gara. Lan feminizatuak eta bereziki zaintza lanak aintzat ez hartzearen ondorio zuzena da hori. Horregatik, Emakume* pentsionistok greba egin genuen, gurea ere borroka feminista delako, eta gure aldarrikapenekin kaleak hartu genituen.

KONTSUMOA:

Martxoaren 8an, diru-truk inolako kontsumorik ez egiteaz gain, kontsumo-ereduaren inguruko kritika plazaratu genuen, eta horren kontraesanak azaleratu: kontsumitzen dugunaren atzean dauden lan-baldintzak, generoaren araberako bereizkeriak, beste herrien esplotazioa, bertako oihal produktiboaren ahultzea… Horregatik, multinazionalen aurkako ekintzak eta politika kolonialistak salatzeko ekintzak burutu genituen. Horretaz gain, egunean zehar herri eta auzoetako dendekin egin diren lanketak, bazkari autogestionatuak eta kontsumo taldeen garrantzia azpimarratu nahiko genituzke.

IKASLE-GAZTE:

Ikasle eta gazteak langile estatusetik alboratuak gara, eta, aldi berean, lan-baldintza prekarioetara bideratuak gara, bereziki neska* gazteak. Hezkuntzaren pribatizazioaren lehenengo kaltetuak gara. Horregatik, prozesuan zehar ikasle eta gazteontzako aldarrikapen propioak kaleratu ditugu: hezkuntza sistema hezkidetzailea, kalitatezko sexu-heziketa integratzaile eta inklusiboa hezkuntzaren etapa guztietan, anitzak baikara, ikastetxeetan ematen diren jarrera matxista, sexista zein LGTBIQ+ fobikoen aurrean neurriak hartzea, edota hezkuntza eremuan murrizketa gehiagorik ez egitea!

Hezkuntza aparatuak, sistema kapitalista heteropatriarkalaren birprodukziorako mekanismo gisa funtzionatzen du. Kurrikulumean, edukietan, metodologietan… Ez soilik ageria ditugun liburu edo ikasgeletan, baita ezkutuko kurrikulumean ere. Horregatik, greba feministak, martxoaren 8an hezkuntza sistema gelditu du.

Aipamen berezia egin nahi diegu martxoaren 8aren bueltan, feminismoaz hausnartu eta hezi guneetan eragiteko neska* gazteok sortu ditugun hamarnaka espazio eta talde feministei, gure buruak ahalduntzetik haratago, amesten dugu herri zein hezkuntza sistema gaurdanik eraikitzen ari baikara. Gora neska* gazteon borroka!

SOLDATAPEKO LANA

LAN ESPARRUAN ERE GREBAK JARRAIPEN ZABALA IZAN DU

Ostiraleko greba feministaren inguruko balorazio oso baikorra egiten dugu lana eta enpleguaren mundutik.

  • Greba historikoa izan da berriz ere. Ohiko greba batetik haratago joan gara, enpleguaren esparrua gainditu eta lan guztiak aitortze aldera. Zaintzaren lana ere erdigunean jarri da aurten ere.
  • Enpleguaren ardatzean, gehiengo sindikalak + CNT eta CGTk deituriko 24 orduko greba orokorraren jarraipena oso zabala izan da. Zaila da datu zehatzak ematea, ez ohiko greba delako eta emakumeak bakarrik deitu ditugulako grebara. Aipatzekoa da ere, Euskal Herrian lehen aldiz lan munduan egin den emakumeon greba orokorra izan dela aurtengo matxoak 8koa.
  • Sektore feminizatuetan izan duen jarraipena nabarmendu nahi dugu bereziki. Irakaskuntza publikoan zein itunpekoan, ikastoletan, ikastetxeetako jantokietan, erresidentzietan, kontserberetan eta garbikuntza alorrean esaterako emakume gehienek egin dituzte lanuzteak.
  • Etxez etxeko laguntzan ere jarraipena itzela izan da beraien aldez aurretik piztutako borrokari segida emanez.
  • Bestelako zerbitzu batzuetan ere jarraipena oso garrantzitsua izan da: telemarketing, merkataritzan, komunikabideetan, udalak, polikiroldegiak…
  • Aipatzekoa iruditzen zaigu, era berean, emakumeak gutxiengoan dauden sektore batzuetan ere, industrian adibidez, emakumeek lanuzteak egin dituztela: CAF, Eaton…
  • Aipamen eta aitortza berezia eman sektore feminizatu prekarioenetan lan greba egin duten emakumeei. Badakigu zein zaila den sektore batzuetan greba egitea eta batzuk ere ezin izan dutela beraien greba eskubidea gauzatu. Zerbitzu minimoetan egon diren emakume askok ere ezin izan dute lan grebarik egin.
  • Eguerdiko mobilizazioak ere oso handiak izan dira. Dozenaka mila emakumek parte hartu du Euskal Herriko hiriburu eta herri gehienetan.
  • Guzti honek garbi erakusten du emakumeen antolakuntza eta borroka ezinbestekoak direla emakumeen diskriminazio egoerak gainditzeko eta feminismoaren garaia dela ozen esateko. Lan munduan ere.

Sindikatuok eta lan munduko ordezkariok enpleguaren ardatzean egiten genituen aldarrikapenak berresten ditugu. Greba honek aldarrikapen batzuk serio hartzeko balio izaten ari da, erantzunkizun zehatzak dagozkien erakunde batzuk beraien gain ardurak har ditzaten eta ez dezaten beste albo batera begiratu. Eta batez ere, bizitza erdigunean jarriko duen Euskal Herri libre eta feminista baten aldeko borrokan emakume* guztiok batera jarraitzeko.  

ZAINTZA:

Zaintza-lanak izan dira aurtengo M8aren ildo nagusia, doakoak nahiz soldatapekoak izanda ere horiek eremu produktiboan kokatu ditugularik. Trans, bollera eta emakumeon grebaren bitartez, zaintza-lanak alboratzeak suposatzen dituen berezitasunez jakitun, horiek gizonengan kokatzea izan da xedea. Are gehiago, ardura pribatua gaindituz, zaintza gune kolektiboak eraikitzeko deia egin zaie gizonei. Milaka emakumek* ez dugu inolako etxeko nahiz zaintza lanik egin eta aurrekari interesgarriak dira lan horien inguruan eta bidean sortu ditugun gatazkak, antolaketak nahiz akordioak. Hala ere, jakitun gara emakume, bollera eta trans batzuk ezin izan dituztela zaintza lan guztiak utzi, dependentzia egoeran dauden pertsonen zaintza haien ardurapean egon delako.

Bizitzaren beharrak pribatizatuz kapitala metatzen duten enpresari eta politikariak salatu ditugu, bereziki emakume* langileon esplotazioa baliatuz etxeko nahiz zaintza lanetan negozioa egiten dutenak. Sektore horietan, M8an greba egiteaz gain, borroka-sektore zehatzagoetan gabiltzan emakume* grebalariok indarrak hartu ditugu. Heteroarauan sartu nahi ez dugunak baztertuaz eraikitzen diren familia eredu nuklearrak arbuiatu ditugu. Arrazakeria eta politika xenofoboak salatu ditugu, eta horien funtzio ekonomikoak azpimarratu. Zaintza-lanetan oso agerikoa egiten da egoera hori, etxeko barneko langileen % 97 migranteak baikara, eta indar batez aldarrikatu dugu figura horren desagerpena.

Bukatzeko, salatu nahiko genuke greba feministan zehar  Euskal Herrian 60 emakume* identifikatutik gora egon zirela eta leku askotan poliziak grebalarien aurka izandako jarrera oldarkorra.

Aurrera goaz, geldiezinak garelako. Zorionak EHko Mugimendu Feministari, aliantzak ehunduz elkarlanean aritu garenoi, eta Mugimendu Feministari aitortza eginaz, greba feministaren oinarriak aurrera eraman ditugunoi.

GORA BORROKA FEMINISTA!

EUSKAL HERRIKO MUGIMENDU FEMINISTA

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s